Edukira joan

Secure Shell

Wikipedia, Entziklopedia askea
Secure Shell
Jatorria
Sortzailea(k)Tatu Ylönen
Sorrera-urtea1995
Azken bertsioa0.10.5
Ezaugarriak
LizentziaGNU Lesser General Public License
Fikzioa
Erabiltzen ducryptographic protocol (en) Itzuli, RFC 4252: The Secure Shell (SSH) Authentication Protocol (en) Itzuli, RFC 4253: The Secure Shell (SSH) Transport Layer Protocol (en) Itzuli eta session ID (en) Itzuli

SSH (Secure SHell; euskaraz: "Oskol Segurua") konputagailu-sare baten bidez urruneko gailuak eta zerbitzariak modu seguruan atzitzeko eta kudeatzeko sare protokolo eta aplikazio bat da. Protokolo honek aplikazio geruzan funtzionatzen du eta korrontean TCP 22 ataria (port) erabiltzen du defektuz.

SSH jatorriz telnet, rlogin edo rsh bezalako protokolo zaharkitu eta ez-seguruak ordezkatzeko diseinatu zen. Protokolo zahar horiek informazio guztia (erabiltzaile-izenak eta pasahitzak barne) testu lauan (zifratu gabe) bidaltzen zuten saretik; SSHk, ordea, konexioaren bi muturren arteko trafiko osoa enkriptatu egiten du, baimenik gabeko hirugarrenek datuak atzematea edo manipulatzea ekidinez.[1][2]

Ezaugarri Nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Urruneko terminala: Kontsola edo terminal aginduen bidez urruneko ordenagailua erabat maneiatzea ahalbidetzen du.
  • Ingurune grafikoa (X11 Forwarding): Bezeroak X zerbitzari bat badu, urruneko aplikazio grafikoak tokiko makinan exekutatzea eta ikustea posible da.
  • Datu-transferentzia segurua: SSH protokoloan oinarritutako SFTP (SSH File Transfer Protocol) eta SCP (Secure Copy) azpiprotokoloen bidez, fitxategiak modu enkriptatuan kopiatu daitezke gailuen artean.
  • Tunelak eta bideratzea (Tunneling): Segurua ez den beste edozein aplikazioren datu-trafikoa kanal seguru baten barruatik (tunel baten bidez) bideratu dezake, segurtasun geruza estra bat gehituz.
  • Gako bidezko autentifikazioa: Pasahitz tradizionalak erabili beharrekoan, kriptografia asimetrikoan oinarritutako gako-pareak (RSA, ED25519...) erabil daitezke zerbitzarietan segurtasunez eta pasahitzik gabe sartzeko.

SSHren erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorengo adibidean, `iker` izeneko erabiltzailea `jon` izeneko erabiltzailearen konputagailura modu seguruan konektatuko da gako-pare baten bidez (pasahitzik gabe sartu ahal izateko).

1. Gako-parea sortu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenik eta behin, Ikerrek gako-pare bat (publikoa eta pribatua) sortu behar du bere ordenagailuan. Horretarako, RSA algoritmoa erabiliko du:

iker@bezeroa:~$ ssh-keygen -t rsa -b 4096

Agindu honek bi fitxategi sortzen ditu erabiltzailearen karpeta nagusian (`~/.ssh/` direktorioan):

  • `id_rsa`: Gako pribatua (sekretua, inoiz partekatu behar ez dena eta pasahitz baten bidez babestua).
  • `id_rsa.pub`: Gako publikoa (beste ordenagailuekin partekatzen dena).

2. Gako publikoa urruneko makinan gaitu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerrek bere gako publikoa Jonen konputagailura kopiatu behar du. Horretarako, modu errazena `ssh-copy-id` agindua erabiltzea da (Jonekin saioa hasiz eta haren IP helbidea zehaztuz):

iker@bezeroa:~$ ssh-copy-id jon@jonen_IP_helbidea

Alternatiba gisa, prozesu hau eskuz egin daiteke fitxategia SCP bidez transferituz eta Jonen makinako baimendutako gakoen zerrendara gehituz:

# 1. Gakoa Jonen makinara kopiatu
iker@bezeroa:~$ scp ~/.ssh/id_rsa.pub jon@jonen_IP_helbidea:/home/jon/id_rsa_iker.pub

# 2. SSH bidez konektatu eta gakoa baimendutako zerrendara (authorized_keys) erantsi
iker@bezeroa:~$ ssh jon@jonen_IP_helbidea
jon@zerbitzaria:~$ cat ~/id_rsa_iker.pub >> ~/.ssh/authorized_keys
jon@zerbitzaria:~$ rm ~/id_rsa_iker.pub

3. Urruneko konexioa burutu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin gako publikoa Jonen ordenagailuko `authorized_keys` fitxategian dagoela, Ikerrek ez du Jonen erabiltzaile-pasahitza sartu beharko konektatzean. Bere gako pribatuaren pasahitza baino ez zaio eskatuko saioa hasten duen lehen aldian (edo gako-kudeatzaile bat badu, ezta hori ere):

iker@bezeroa:~$ ssh jon@jonen_IP_helbidea

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Azkarate, Igor Leturia. (2013-02-01). «Interneteko komunikazioen segurtasuna I: Konfidentzialtasuna» Elhuyar Zientzia (kontsulta data: 2026-06-06).
  2. Pereira, Juanan. (2020-07-09). «Begirada bat Interneteko zerbitzarien segurtasunari» Sarean .eus (kontsulta data: 2026-06-06).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]