Petra Lizaso
| Petra Lizaso | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Lekeitio, 1902ko otsailaren 22a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Madril, 1979ko apirilaren 14a (77 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | erraketista |
| Ezizena(k) | Petrona |

Petra Lizaso Areitioaurtena (Lekeitio, Bizkaia, 1902ko otsailaren 22a – Madril, 1979ko apirilaren 14a) erraketista profesionala izan zen, Petrona izenarekin kantxaratu zena. Atzelari modura jokatuz, Madrilen eta Habanan aritu zen. Ermuko Udal Liburutegiak erraketistak ardatz hartuta argitaratutako komiki bateko protagonista da.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lekeitioko Tenderia, gaur eguneko Dendari kaleko 43. zenbakian munduratu zen otsailaren 22 hartako goizaldean. Aita Ignacio Lizaso Izagirre errezildarra zuen eta ama Maria Areitioaurtena Uribarrena, zaldibartarra. Petraz gain, hiru seme-alaba gehiago izan zuten andra-gizonok: Antonio, Jesusa eta Vicente.

Gerora, bizitzak Ermura eraman zuen familia eta Sallabente auzoko euren etxeari, jatorriz Goikoerrota izenekoa, Lekeitixonekua deituko zioten herritarrek. Armagintzarako lan egiteaz gain, errekaren ondoan zegoela aprobetxatuz, argindarra sortzeko zentral txiki bat zuten, besteak beste, Zaldibarko Ospitale psikiatrikoa hornitzen zuena.[2]
Kirol ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eibarko frontoietan hasi zuen Petrak bere kirol ibilbidea. Hamazazpi urteko neskatoa zela, orduko erraketisten modara gona luzez jantzita eta erraketa bat eskuan erretratatu zuen Indalezio Ojanguren argazkilari eibartarrak eta argazkiaren atzean jarri zion urtearen zigilua:1919. Urte batzuetara Ameriketara joateko aukera heldu zitzaion eta 1924. urtean Kubara bidaiatu zuen, profesional mailan jokatze asmoz.[2]
Habanako Diario de la Marina egunkarian, urtarrilaren 30eko datarekin, itsasoz egindako bidaiaren berri ematen da. “De la Salle” transatlantiko frantsesean, 683 bidaiarirekin batera zeharkatu zuen Petrak ozeanoa. Bertan bidaiatutako sei pilotariren izenak zerrendatzen dira, tartean Petra Lizasorena, guztietan andrazko bakarra. Artikulugileak argitzen duenaren arabera, zeharkaldian ekaitzak astindu zuen itsasontzia, baina ez zion matxura aipagarririk eragin.[2]
Kirol-prentsan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ameriketakoak amaituta, Madrilera abiatu eta Chiki-Jai pilotaleku entzutetsuan jokatu zuen. Prentsa hemerotekan bere partida batzuen aipamena egiten da:
- La Libertad egunkari errepublikazaleak, 1935eko urriaren 5eko alean Petra Lizasok Tere galiziarrarekin bikote eginda Isabelita eta Marichu Lazuenen kontra jokatutako partida azaltzen du, azken hauek tanto bakarrarengatik irabazi zutena. Kazetariak apartatzat jotzen du partida eta distiratutzat Ermukoaren jarduna, jokaldi magistralekin. “Joko trebe eta adimentsua egin zuen. Kirol meritu handikoa, zeren artista handi honek ez baitu pilota jotzen; erraketarekin bultzatzera mugatzen da” idatzi zuen hark.[2]
- La Libertad egunkarian 1935eko urriaren 19an beste partida “itzel” baten berri ematen da. Jesusa Zubiaurre, Arrate izan zuen aurreko koadroak zaintzen eta bikotea Paquita eta Marichu Lazuenen kontra aritu zen; ordukoan Petra eta kantxa-laguna gailendu ziren. “Petrak bere joko dotore eta artistikoa berreskuratu du, atzo modu zoragarrian praktikan jarri zuena” goraipatu zuen kazetariak.[2]
- Chiki-Jai frontoian jarraituko du 1936an. La Libertad-ek urte horretako ekainaren 7an argitaratzen duenaren arabera Erraketisten Montepioa sortzear dute “erraketaren artistek”; Zuzendaritza Batzordeko buru izendatzen dute Petra Lizaso. “Oso egokia da izendapena, Petra baita lanpostu honetarako artistarik nabarmenena eta egokiena. Pertsona kultu, duin eta irizpide zuzenekoa den aldetik, jakingo du sortzen ari den elkarteari enpresen eta pilotarien interesen artean egon behar duen adostasun-espiritua aholkatzen” idatzi zuen kazetariak.[2]

Artisten masajista
Jerez de la Fronteran kafetegi bat jarri zuen; hantxe dago 1944-1947 urte tartean. Madrilen gero masajista modura hasi zen lanean, ez oso ohiko ofizioa bere sasoiko emakume batentzat. Kirolari zela ikasitakoak praktikan ipiniz, sasoi hartako artistak zituen bezero: Carmen Sevilla, Paquita Rico…[2]
Madrilen biziko zen aurrerantzean, baina ez zuen parkatzen urteroko udako ostera Ermura, beti San Lorentzo egunaren bueltan: familiakoak bisitatu, lobak mediku-azterketa egitera Eibarrera eraman, lagunekin batu… Rosa Arregi, Rosita erraketista mallabitarrarekin hartu-eman handia zuen eta elkar ikusteko aprobetxatzen zuten: Markina-Xemeingo pilotalekuan zestazko partidaren bat ikusi eta gero Ondarroara joatea gustatzen zitzaien, legatza jan, paseatu, kontu batzuk esan... Berbalduna zen Petra eta jardun atseginekoa. Eta irakur zale amorratua. Ezagutu zutenek beti libururen bat eskuan gogoratzen dute, eta huraxe zen bere ustez egin ahal zenik eta oparirik ederrena.
Madrilen zendu zen 1979ko apirilaren 14an, 77 urte beteta.[2]
Aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2025ean, Ermuko Udal Liburutegiak “Ermua binetetan. Neptunoren 24 korapiloak” komikia argitaratu zuen, Petra Lizasoren ibilbidean oinarritua eta erraketisten kolektiboa aintzat hartzeko helburuarekin.[3][4]

Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Erraketak omenaldirako aitzaki - Ermua» Barrena.eus (kontsulta data: 2026-03-31).
- 1 2 3 4 5 6 7 8 «Urriko 'Drogetenitturri' aldizkariaren edizio digitala irakurgai - Debabarrena» Barrena.eus (kontsulta data: 2026-01-09).
- ↑ «"Ermua binetetan" komikiaren ale berria kaleratu dute, erraketisten figura aldarrikatuz - Ermua» Barrena.eus (kontsulta data: 2026-01-09).
- ↑ «‘Neptunoren 24 korapiloak’, Ermuko erraketisten ekarpena tokiko historian | Ayuntamiento de Ermua» www.ermua.eus (kontsulta data: 2026-01-09).