Edukira joan

Bos taurus

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Bos taurus
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaBovidae
GeneroaBos
Espeziea Bos taurus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Eguneko zikloaeguneko
Genomaren kokapenaensembl.org…

Bos taurus bobidoen familiako ugaztun ungulatu bat da. Aspaldi etxekotu zen uro edo basazezenetik abiatuta —egun galdua egon arren— haragitarako, esnetarako, larrutarako zein zamarako. Emeak behi dira, eta arrak zezen. Ar zikiratuei idi izena ematen zaie eta jaio berriei zekor. Ugaztun honek daukan garrantzi ekonomiko eta sozialagatik, eta gizakiek berarekin duten harremana dela eta, izen ugari jasotzen ditu.

Euskal Herrian abere usuenetakoak dira, ardiekin eta txerriekin batera.[1] Herrialde batzuetan —Indian, besteak beste— animalia sakratuak dira. Munduan 1.300 milioi abelburu baino gehiago daude.[2]

Carolus Linnaeus izan zen espeziea izendatzen lehena, hiru espezie identifikatu baitzituen: Bos taurus, Bos primigenius eta Bos indicus. Egun, bigarrena (uroa) galduta dago eta, oro har, batu egin dira espezie trinomial bakar batean: Bos primigenius taurus izenekoa.[3]

Bos taurus espezieak izen ugari hartzen ditu euskaraz, sexuaren eta adinaren arabera:[4]

  • behi: eme heldua;
  • zezen: ar heldua;
  • idi: ar zikiratua;
  • zekor, txahal, aratxe: gaztea;
  • urrixa: zekor emea;
  • idisko: zekor arra;
  • bigantxa: 3-12 hilabeteko emea;
  • biga: 1-3 urteko emea;
  • zezenko: 2-3 urteko arra.

Oro har, behiak euskaraz abelgorri dira[5] (bertako arraza gorriei behintzat, betizu eta behi piriniotar); ardiei abelzuri esaten zaie,[6] eta zaldi-behorrei abelbeltz.[7][8]

Beste izendapen berezi batzuk:

Animalia handia izan ohi da. Buru heldu batek 750 kg inguruko zama izan ohi du, baina badira 1350 kg izatera iristen diren aleak ere.[3] Luzeran 250 cm har ditzake, buztana kontuan hartu gabe, eta 120-150 cm arteko garaiera izaten du.[12]

Behiaren burua.

Hortzeria belarra jateko moldaturik dauka. Helduek 32 hortz dituzte, zortzi ebakortz, lau aurreko hagin eta hiru hagin, baraila erdi bakoitzeko. Ebakortzak behe aldean soilik daude eta aurrerantz orientaturik ditu, belarra erraz ebakitzeko. Goi aldean bururdi edo kuxin moduko bat baino ez du. Barailarekin mugimendu zirkularrak egin ohi ditu belarra ongi xehatu ahal izateko. Aurpegi mutur zabal eta lodi du, eta usaimena oso garatua. Bekokia nahiko zapala du. Buru lodia eta bi adar ditu alde banatara ateratzen direnak, eta aurrerantz okertzen direnak.[13] Belarriak zintzilik izaten ditu, tronpeta itxuraz. Lepo sendo eta laburra du eta kokospea zintzilik izaten du.

Begiak globularrak dira[7] eta horri esker gertuko elementuak oso argi ikusten ditu; urrunera, aldiz, miopea da. Begiak aurpegiaren alboetan dituenez, 300º-ko ikuspegi eremua dauka. Horrek bere ifrentzua ere badu, aurrez aurre 20 cm baino hurbilago ez baitu ezer ikusten.

Bizkarrezurra zuzena du, erdialdean okerdura txiki batez. Aldaka zabalak eta lauak ditu, eta pelbiseko hezurretatik buztana ateratzen zaio. Buztana luzea da eta amaieran ile motots bat sortzen zaio. Gorputza ile laburrez estalita dauka, kolore berezi batez edo gehiagoz, animalia motaren arabera. Badira kolore bakarrekoak (zuriak, arreak, gorriztak, marroiak eta beltzak), badira kolore bat baino gehiagoko orbanak dituztenak. Emeek errapea izaten dute zintzilik atzeko hanken artean. Lau titiburu ditu errapeak, bakoitza 5-10 cm luze eta 2-3 cm diametro.[7] Gorputzaren batez besteko tenperatura 39 °C inguru izan ohi da.[14]

Behiak lau hanka ditu eta apatxean adarki batez estalitako behatz bi ditu, artiodaktilo guztien gisara.

Digestio aparatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hausnarkari izanik bi fasetan burutzen du janariaren digestioa. Aparato poligastrikoa du horretarako, hau da, urdailak lau atal ditu: hiru aurre-urdail (errumena, erretikulua eta omasoa) eta benetako urdaila (abomasoa). Landareen karbono hidrato gogorren (zelulosa, hemizelulosa eta pektinak) digestioa egin dezake horrela.[15]

Elikagaiak jasotzen dituen aurreneko zatia errumena da. Urdailaren bolumenaren % 80 hartzen du eta hormetan milaka milioika mikroorganismo anaerobio ditu (bakterioak, protozooak eta onddoak), horiek gluzidoak degradatu eta kate laburreko gantz azido bihurtzen dituzte (azido azetikoa % 60, azido propanoikoa % 20 eta azido butirikoa % 15).[16] Osagai nitrogenatuen katabolismoa ere egiten dute. Errumenaren pHa 7 eta 5,5 artean egon ohi da da listuaren tanpoi funtzioari esker.[16]

Bigarren atala erretikulua da, iragazle eginkizuna duena, elikagai zati handiak omasora iragan ez daitezen. Omasoak xaflak ditu, liburu baten orrien itxura hartzen duenez «liburu» ere esaten zaio. Elikagaiek dakarten gehiegizko ura xurgatzen du.

Azkenik, abomasoa benetako urdaila da, urin gastrikoak isurtzen dituena. Hortik aurrerako digestio aparatua gizakienaren antzekoa da: heste meharrak elikagaiak xurgatzen ditu eta heste lodiak azkenengo elikagaien hartzidurak eginda, ura eta gatz mineralak jasotzen ditu.

Zekor jaioberria.

Animaliak 10-12 hilabete dituenean —arrazaren arabera— pubertarora iristen da. Ordurako, heldutan izango duen pisuaren % 50-60 izaten du. Ez du ugaltzeko urte sasoi espezifikorik.[17] Ugaltze zikloak 21 egun irauten du. Behiak bederatzi hilabeteko haurdunaldia izaten du eta erditu ondoren 30-80 egunetan zehar ez da susara izaten.[18]

Gaur egun granja eta baserrietan bizi da eta gizakiak intseminazio artifizial bidez sartzen dio zezenaren hazia behiari eta berak markatzen ditu zikloak.

Landarejalea da erabat. Belarrak, zurtoinak, hostoak, haziak eta sustraiak jaten ditu, batez ere Poaceae landareak (gramineoak); nitrogeno iturri garrantzitsuak diren hirustak eta argi belarra ere bai.[19] Baserri eta landetxeetan belar ondua ematen zaio neguan.

Mikrobio gaixotasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterioak behi aziendaren zenbait gaixotasunetan inplikatuta daude. Digestio aparatuan enterotoxemiak eragiten dituzte,[20] Escherichia colik eragindako beherakoak eta salmonelosia. Zenbait bakteriok eragiten dute mastitisa aziendan. Pasteurelosia, bruzelosia eta keratitisa ere behien bakterio gaixotasun ohikoak dira. Aziendarentzat, mikobakteriorik arriskutsuenak tuberkulosia eta paratuberkulosia eragiten dutenak dira.[21]

Tetanosak jotako behi bat.

Birusak ere maiz dira beien gaixotasunen eragile. Errotabirusak eta koronabirusak zekor gazteen beherakoeni erantzule izan ohi dira. Behien beherako birala abortuak ere sortzera iritsi daiteke, eta behien leukosiaren birusak immunitate sistemari eragiten dio. Titiburuetan, birusek herpesa, papilomak eta tumoreak eragin ditzakete. Gaixotasun biralak batzuetan oso kutsakorrak izan daitezke eta abere ustiategietan arazo larriak eragin ditzakete, hala nola, amorrua, nerbio sistemaren gaixotasun bat, sukar aftosoa eta mingaini urdina.[21] Afrikan, Rift haraneko sukarra bezalako gaixotasunek ere epidemia handiak eragin ditzakete.[22]

Rickettsiak eta mycoplasmak dira behien klamidiasiaren eta Q sukarraren sortzaile, abortuak eragin ditzaketen bi gaixotasun, baita behien perineumonia kutsakorra ere, biriketako gaixotasuna.[21]

Behien entzefalopatia espongiformea (edo «behi eroen gaixotasuna»), 1990eko hamarkadan krisi sozioekonomiko sakon bat eragin zuena, agente patogeno partikular baten ondorio da: prioia, proteina patogeno bat.[23]

Behien patologia batzuk bereziki arazotsuak dira, gizakiei transmititu ahal zaizkien neurrian. Besteak beste, listeriosia, Erysipelothrix rhusiopathiae, lupu beltza, tetanosa, botulismoa, leptospirosia, bruzelosia, tuberkulosia, salmonelosia, klamidiek eragindako infekzioak, Q sukarra, amorrua, Rift haraneko sukarra, edo behien entzefalopatia espongiformea, Creutzfeldt-Jakoben gaixotasuna eragin dezakeena.[24]

Akainak ektoparasito arruntak dira bobidoen artean.

Zenbait intsektu (euli, eltxo, ezpara eta abar) traba izan daitezke behientzat, benetako bizkarroi izan gabe. Behien kanpo parasitoak, batez ere, akainak dira, gaixotasun askoren bektoreak, hala nola bruzelosia edo piroplasmosia; baita ere, zorriak, hazteriaren akaroak eta zenbait euliren larbak. Barne parasito nagusiak birika eta hesteetako Strongylida eta Trematodak dira.[25]

Afrikan, behi aziendak tripanosomen generoko parasito txikien eragin paira dezake. Bertako behiek tripanosomek eragindako infekzioari eta gaixotasunari aurre egiteko gaitasuna garatu zuten. Gaixotasunarekiko erresistentzia oso txikia duten zebuek askotan bertako arrazekin gurutzatu izan dira haien erresistentzia hobetzeko.[26]

Uroaren marrazkia.

Uroaren etxekotzea duela 10.000 urte inguru gertatu zen Ekialde Hurbilean eta Indian.[27] Ikerlari batzuen ustez, ordea, Europako behiak Asian etxekotu eta Danubio ibaian zehar edo Mediterraneo kostaldetik iritsi ziren, orduko populazio migrazio ibilbideekin batera. Uroaren eta zenbait arrazaren DNA azterketek azaldu zuten hipotesi berri hori.[28]

Hain goiz etxekotu zenez, ulergarria da behi arraza ugari egotea. Europan hautespen artifizial tradizionala antzinako prozesua izan zen, baina XVIII. mendetik aurrera era sistematikoan erabili zen. XIX. mendearen amaieran, zuhaitz genealogikoak argitaratu hasi ziren, Ingalaterran lehenik, Europa mendebaldean geroago.[29] XX. mendean, arraza gehienak desagertu egin ziren, ekoizpen handiena zuten arrazak hobetsi zirenean.

Garrantzi ekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxekotu zenetik bertatik funtzio ugari bete zituen behiak: gurdiak eta goldeak tiratzea, zamari lanak egitea, eta haragia edo esnea ematea, nagusiki. Adarrak eta larrua ere tresnak, jantziak edo oinetakoak egiteko erabiltzen ziren, eta, azkenik, gorotza landa lurren ongarri garrantzitsu bat izan da beti.

Esan daiteke munduko herrialde guztietan daudela behiak. Ehunekotan, herrialde hauek dira munduan behi azienda gehien zituztenak 2024an:

Behi aziendak munduan (2024)[2]
# herrialdea ekoizpen
ehunekoa
1  India % 32,6
2  Brasil % 20,6
3  Txina % 10,7
4 Ameriketako Estatu Batuak Ameriketako Estatu Batuak % 9,5
5  Europar Batasuna % 7,9
6  Argentina % 5,6
7  Australia % 2,7
8  Mexiko % 1,9
9  Errusia % 1,8
10  Uruguai % 1,2
Sakontzeko, irakurri: «Behi»

Esnea emeek sortzen dute, zekorra izan ondoren. Horregatik, egungo ekoizpenean haurdunaldiak erregulatu egiten dira, ahalik eta esne gehien ekoizteko.[30] Esnea jeztea duela 10.000 urte hasi zenez geroztik, berehala zenbait herrirentzat bizirauteko ezinbesteko baliabidea izan zen.[31] Europan, esnearen kontsumoa nahiko apala izan zen antzinaroan. Hastapenetan, baserritarrek soilik erabiltzen zuten esnea, bazterrezinezkoa baitzen haientzat, baina astiro-astiro esnekiak asko hedatu ziren, gurina bereziki. Gaur egun, esnekien industria oso garrantzizkoa da Mendebaldean, gazta, gurina, esne gaina eta jogurta eguneroko jaki arruntak baitira. UHT kontserbazio tratamenduaren asmakuntzak aurrerapauso handia ekarri zuen, esnearen eguneroko kontsumoa orokortu zedin. [32]

Herrialdeen arabera, aldaketa handiak daude behi bakoitzeko errendimenduari dagokionez. Bereziki etekin handia ateratzen da Ipar Amerikako eta Europako herrialdeetan, abeltzaintza eredu intentsiboa baitago herrialde horietan. Aldiz, Afrikan, nahiz behi kopuru handiena bildu, ekoizpena apalagoa da proportzioan. Europako Batasuneko eta Ipar Amerikako herrialdeetan kontsumitzen dira gehien esnea eta esnekiak, eta, neurri txikiagoan, Argentinan, Australian eta Zeelanda Berrian.[33]

Haragiaren ekoizpena bi bidetatik sortzen da: batetik, esnetarako behietatik, esne ekoizpena agortu ondoren; eta, bestetik, haragitarako propio hazten diren behietatik. Munduan, behi haragi ekoizle handienen artean zeuden, 2024an, AEB (% 12,3), Brasil (% 10,9), Txina (% 7,8), Europar Batasuna (% 6,5), India (% 4,6), Argentina (% 2,9), Australia (% 2,6), Mexiko (% 2,3), Errusia (% 1,4) eta Kanada (% 1,3).[34]

Sakontzeko, irakurri: «Zezen»
Zezen suhar bat, Kolonbian.

Abelgorrien balio ekonomikoa dela-eta, behiak ernaltzeko erabiltzen dira zezenak. Eginkizun nagusi horrez kanpo, Espainian, Latinoamerikako zenbait herrialdetan eta, maila apalagoan, Frantzian, zezen suharrak hazten dira, hautapen genetiko zorrotzak erabilita,[35] zezenketak egiteko, nahiz zezenketen aurkako mugimenduak eraginda, herrialde askotan mugak edo debekuak ezarri izan diren.[36] Ameriketako Estatu Batuetan, rodeoak zezenekin egiten dira.[37]

Sakontzeko, irakurri: «Idi»

Idia zezen zikiratua da, eta goldea edo gurdiak tiratzeko erabili izan da aro modernora arte, traktoreak eta bestelako makineriak guztiz ordeztu zuen arte.[38] K.a. IV. milurtekoan jadanik erabiltzen zen Ilgora Emankorrean eta, geroago, Egiptora, Europara eta Asiara zabaldu zen.[39] Europan, Erdi Arora arte idiak bakarrik erabiltzen ziren nekazaritza lanetan, baina pixkanaka zaldia haren tokia hartzen hasi zen.[40]

Idiek bikotean egiten dute lan eta uztarri batek lotzen ditu biak. Euskal Herrian, herri kirol bat sortu zen jarduera honen inguruan, idi-dema.[41]

Ingurumen eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Behi azienda berotegi gasen emisioak areagotzen laguntzen duen faktoretzat hartu izan da, bereziki halako itxitura handietan biltzen denean.

Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen (FAO) 2006an egindako txosten baten arabera, behi azienda «berotegi efektuko gasen % 18ren sortzailea» da.[42] Gizakiak elikatzeko eta janzteko, behi ekoizpenak mundu osoko ekosistemak presionatzen ditu,[43] eta munduaren ingurumen arazo handienetako bat dela diote adituek, bai eskala lokalean, bai globalean.

FAOren txostenak ardiek, oilaskoek, txerriek eta ahuntzek eragindako ingurumen kalteak ere ebaluatu zituen arren, munduan diren 1.500 milioi behi eta idiak jotzen zituen klima aldaketan eragin negatibo handiena dutenak, baita espezieen suntsipenean ere. Txostenak ondorioztatu zuenez, aldaketarik egin ezean, abelgorriek eragindako kalte izugarriak bikoiztu egingo lirateke 2050erako, giza kontsumorako haragi eskaera handitu ahala. Txostenak proposatzen zuen, besteak beste, abeltzaintza industria era intentsiboagoan antolatzea, lur gutxiago behar baita ekoizpen mailari eusteko.[42]

Zenbait mikrobiok behien hestean arnasten dute, metanogenesi izeneko prozesu anaerobiko baten bidez, metanoa sortzen duena.[44] Behiek metano bolumen handia sortarazten dute, % 95 korroka bitartez, eta ez puzker bidez.[45] Metanoaren karbonoa fotosintesiaren bidez sortutako landarediaren digestiotik datorrenez, prozesu horren bidez airera askatzea kaltegabetzat joko litzateke, atmosferako karbonoaren gehikuntzarik ez dagoelako; fotosintesiaren bidez airetik karbono dioxido gisa sortzen da, eta metano gisa itzultzen da. Hala ere, metanoa askoz ere berotegi efektuko gas indartsuagoa da karbono dioxidoa baino, 23-50 aldiz berotze efektu handiagoa eragiten baitu.[46][47] Takahashi eta Young adituen iritziz, «atmosferako metano kontzentrazioaren igoera txiki batek ere ekarpen larria egiten dio berotze globalari».[47] Era berean, Spencer Weart ikerlariaren arabera, behi aziendak sortutako metanoa berotegi gasak areagotzen dituen faktore adierazgarria da.[48] Metano iturri hori murrizteko metodoak ikertu izan dira, elikadura gehigarriak edo mikrobio metano sortzaileen proportzioa murrizteko tratamenduak erabiliz, txertoen bidez, besteak beste.[49][50]

Behitegi intentsiboetan, behiak batez ere artoa duen dieta kontzentratu batekin elikatzen dira, horrela zama azkar irabazten baitute, baina horrek albo ondorioak ditu, digestio aparatuan azidotasun handiagoa eragiten duenez. Abeltzaintza intentsiboko zaborrek eta beste produktu eratorriek ondorio larriak dituzte ingurumenean, behar bezala tratatzen ez direnean.[51]

Aldiz, abeltzaintza estensiboak tokian tokiko belarrak eta forbeak hazteko ingurumen egoki bat sor dezakeen arren, munduko eskualde gehienetan behiak biodibertsitatea murrizten ari dira, hazten ari den giza populazioaren elikadura eskearengatik gehiegi larratzen baitira.[43]

Euskal Herriko behi arrazak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko behi arrazak»

Euskal Herriko behi arrazek, munduko gainerakoek bezala, antzinako uroa dute arbaso. Euskal arrazatzat hartzen dira Euskal Herrian hedapen nagusia dutenak eta, beste herrialde batzuekin partekatuta ere, euskal lurraldeetan kokapen nabarmen bat dutenak:

Euskal mitologian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Behigorri»

Behigorri edo Zezengorri euskal mitologiako izakia da, leizeetan bizi den izaki erasokorra. Behi edo zezen gorriaren itxura hartzen du, betizua bezalakoa, eta Mariren bizitokiak zaintzen ditu.[52]

Zezen gorria Marirekin lotuta agertzen zaigu, eta askotan leize eta harpeen zaindaria da. Beste batzuetan, Mari bera da hauetako abere bat bihurtzen dena. Behiak ugalkortasunaren ikur dira zenbait kulturatan, besteak beste hinduismoan,[53] eta dirudienez gurean ere bai. Hori izan daiteke, agian, Marirekiko beste lotura bat.[54]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Urola Kostako Hitza. (2011-01-06). «Behi artean lanean eta jolasean» Azpeitiaguka (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-05).
  2. a b (Ingelesez) Cook, Rob. (2024-01-09). «Ranking Of Countries With The Most Cattle | India had the largest» National Beef Wire (web.archive.org/) (kontsulta data: 2025-07-05).
  3. a b (Ingelesez) «Mammal Species of the World - Browse: taurus» Bucknell Univesity (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-05).
  4. «Bertako behien arrazak» Elinberri 2020-04-25 (kontsulta data: 2025-07-05).
  5. Euskaltzaindia. «Bilaketa > abelgorri» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2025-07-05).
  6. «Bilaketa > abelzuri» IKAS Euskal Pedagogia zerbitzua (kontsulta data: 2024-01-10).
  7. a b c Edorta Agirre. (2014). «Abelazkuntza» Elikadura hiztegi entziklopedikoa. , 6-7. or..
  8. (Frantsesez) Jean-Baptiste Orpustan. (2022). Grammaire basque précis du "bon usage" en navarro-labourdin. Pessac: Presses Universitaires de Bordeaux, 99. or. ISBN 979-1030008470. OCLC .1356956332.
  9. a b (Gaztelaniaz) Michelena, Luis. (1961). Fonética Histórica Vasca. Donostia: Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 221, 311. or. OCLC .257120013.
  10. Euskaltzaindia. «Bilaketa > alfer» OEH - Orotariko Euskal Hiztegia (kontsulta data: 2025-07-06).
  11. Izatez, erronkarieraren eta aezkeraren hitzak disfemismo bat direla esan daiteke, abelgorriak «alfer» hitzaz izendatzen baititu.[10]
  12. (Frantsesez) Dudouet, Christian. (2004). La production des bovins allaitants. Paris: Éditions France Agricole ISBN 978-2855570914. OCLC .59823059.
  13. Zientzia, Elhuyar. (2010-04-01). «Adarrik gabeko zezenak eta behiak helburu» Elhuyar Zientzia aldizkaria (web.archive.org) 263. (kontsulta data: 2025-07-06).
  14. (Frantsesez) Boisclair, Guy. (2007). «Évaluation de la santé de la vache après vêlage» Agri-Réseau - Le producteur de lait québecois (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-06).
  15. (Ingelesez) Kibegwa, Felix M.; Bett, Rawlynce C.; Gachuiri, Charles K.; Machuka, Eunice; Stomeo, Francesca; Mujibi, Fidalis D.. (2023(e)ko urt. 13(a)). «Diversity and functional analysis of rumen and fecal microbial communities associated with dietary changes in crossbreed dairy cattle» PLOS ONE 18 (1): e0274371.  doi:10.1371/journal.pone.0274371. ISSN 1932-6203. PMID 36638091. PMC 9838872. (kontsulta data: 2025-07-06).
  16. a b (Frantsesez) Drogoul, Carole; Germain, Hubert. (1998). Santé animale: bovins, ovins, caprins. Dijon: Educagri Editions, 35-86. or. ISBN 978-284444-0433. OCLC .419234924 (kontsulta data: 2025-07-06).
  17. (Gaztelaniaz) «Sistema reproductivo del ganado lechero» Unión Ganadera Regional de Jalisco (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-06).
  18. (Gaztelaniaz) Gallegos Sánchez, Jaime; Sánchez del Real, C.; Pérez Hernández, Pedro P. (2001). «Anestro postparto y alternativas de manejo del amamantamiento en vacas de doble propósito en el trópico» Investigación agraria. Producción y sanidad animales 16 (2): 257-270. or. ISSN 0213-5035. (kontsulta data: 2025-07-06).
  19. (Frantsesez) Corre, Clémence et al.. (2023). «Les chiffres clés de l'alimentation des vaches laitières» Institut de l'Élevage (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-07).
  20. (Ingelesez) Goossens, Evy; Verherstraeten, Stefanie; Timbermont, Leen; Valgaeren, Bonnie R.; Pardon, Bart; Haesebrouck, Freddy; Ducatelle, Richard; Deprez, Piet R. et al.. (2014-01-30). «Clostridium perfringens strains from bovine enterotoxemia cases are not superior in in vitroproduction of alpha toxin, perfringolysin O and proteolytic enzymes» BMC Veterinary Research 10 (1): 32.  doi:10.1186/1746-6148-10-32. ISSN 1746-6148. (kontsulta data: 2025-07-12).
  21. a b c (Frantsesez) Drogoul, Carole; Germain, Hubert. (1998). «Les microbes» Santé animale : bovins, ovins, caprins (Dijon: Educagri): 139-166.. ISBN 978-2844440433. OCLC .419234924.
  22. (Frantsesez) «Fièvre de la vallée du Rift» Organisation mondiale de la Santé (web.archive.org) 2024-12-20 (kontsulta data: 2025-07-12).
  23. (Ingelesez) Casalone, Cristina; Hope, James. (2018-01-01). Pocchiari, Maurizio ed. «Atypical and classic bovine spongiform encephalopathy» Handbook of Clinical Neurology (Elsevier) 153: 121-134. or.  doi:10.1016/b978-0-444-63945-5.00007-6. (kontsulta data: 2025-07-12).
  24. (Frantsesez) Drogoul, Carole; Germain, Hubert. (1998). «Risques sanitaires pour l'homme : les zoonoses» Santé animale : bovins, ovins, caprins (Dijon: Educagri): 305-318. or. ISBN 978-2844440433. OCLC .419234924.
  25. (Frantsesez) Drogoul, Carole; Germain, Hubert. (1998). Santé animale : bovins, ovins, caprins. Dijon: Educagri, 87-107. or or. ISBN 978-2844440433. OCLC .419234924.
  26. (Frantsesez) Cohen, Georges N. (2000). Les maladies parasitaires. Paris: Elsevier ISBN 978-2842991814. OCLC .44913523.
  27. (Ingelesez) Beja-Pereira, Albano; Caramelli, David; Lalueza-Fox, Carles; Vernesi, Cristiano; Ferrand, Nuno; Casoli, Antonella; Goyache, Felix; Royo, Luis J. et al.. (2006-05-23). «The origin of European cattle: Evidence from modern and ancient DNA» Proceedings of the National Academy of Sciences 103 (21): 8113-8118. or.  doi:10.1073/pnas.0509210103. ISSN 0027-8424. PMID 16690747. (kontsulta data: 2020-09-08).
  28. (Frantsesez) Constans, Nicolas. «Archéologie : "L'aurochs européen est resté sauvage"» La Recherche, l'actualité des sciences (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-08).
  29. (Frantsesez) Pellegrini, Patricia. (1999-09-01). «De l'idée de race animale et de son évolution dans le milieu de l'élevage» Ruralia. Sciences sociales et mondes ruraux contemporains (05) ISSN 1280-374X. (kontsulta data: 2025-07-08).
  30. (Ingelesez) Spedding, Alan. (2007-07-11). «The life-cycle of the dairy cow» Arthur Rank Centre (Farming Information for Rural Ministry - web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-09).
  31. (Frantsesez) «L'élevage chez les peulh,exposé de Benjamin» Elèves du LDM La Champagne de Vitré au LTO de Ouagadougou (web.archive.org) 2010-04-06 (kontsulta data: 2025-07-09).
  32. (Frantsesez) Raveneau, Alain. (1996). Le livre de la vache : tout ce que vous voulez savoir sur les belles de nos campagnes. Paris: Ed. Rustica ISBN 978-2840381365. OCLC .411066068.
  33. (Frantsesez) «Marchés mondiaux produits laitiers - Année 2024 - Perspectives 2025» Institut de l'Élevage (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-10).
  34. (Frantsesez) «Marché mondial de la viande bovine - Année 2024 - Perspectives 2025» Institut de l'Élevage (kontsulta data: 2025-07-11).
  35. (Gaztelaniaz) «Principales castas y encastes de toros» Toros las Ventas 2022-02-21 (kontsulta data: 2025-07-11).
  36. (Gaztelaniaz) «Plataforma Antitaurina Europea» animalistas.org 2009 (kontsulta data: 2025-07-11).
  37. (Ingelesez) Allen, Michael. (1998). Rodeo cowboys in the North American imagination. Reno: University of Nevada Press (archive.org) ISBN 978-0874174182. OCLC .45733032.
  38. (Ingelesez) Pripps, Robert N.. (1993). Farmall Tractors. Osceola: Motorbooks International ISBN 978-0879387631. OCLC .27937327 (kontsulta data: 2025-07-11).
  39. (Frantsesez) Pétrequin, Pierre et al.. (2006). Premiers chariots, premiers araires : la diffusion de la traction animale en Europe pendant les 4. et 3. millénaires avant notre ere. Paris: Centre national de la recherche scientifique ISBN 978-2271064264. OCLC .848874529.
  40. (Frantsesez) «Cheval» Dictionnaire Historique de la Suisse (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-11).
  41. «Idi-dema: Harrobitik plazara» Hiru (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-11).
  42. a b (Ingelesez) Steinfeld, Henning; Gerber, Pierre; Wassenaar, Tom; Castel, Vincent; Rosales, Mauricio; de Haan, Cees. (2006). Livestock's long shadow. Environmental issues and options. Rome: Food and Agriculture Organization of the United Nations (web.archive.org) ISBN 978-9251055717. OCLC .77563364 (kontsulta data: 2025-07-11).
  43. a b (Ingelesez) Wilson, Edward O. (2003). The future of life. New York: Vintage Books ISBN 978-0679768111. OCLC .52124037.
  44. Thauer, Rudolf K.. (1998). «Biochemistry of methanogenesis: a tribute to Marjory Stephenson:1998 Marjory Stephenson Prize Lecture» Microbiology 144 (9): 2377-2406. or.  doi:10.1099/00221287-144-9-2377. ISSN 1465-2080. (kontsulta data: 2025-07-11).
  45. (Ingelesez) Polakovic, Gary. (2003-07-13). «Bovine Belching Called Udderly Serious Gas Problem» The Milwaukee Journal Sentinel (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-11).
  46. (Ingelesez) Forster, Piers; Ramaswamy, Venkatachalam et al.. (2007). «Changes in Atmospheric Constituents and in Radiative Forcing» Climate Change 2007: The Physical Science Basis. Contribution of Working Group I to the Fourth Assessment Report of the Intergovernmental Panel on Climate Change (Cambridge University Press (web.archive.org)): 129-234. or. ISBN 978-0521880091. OCLC .237194015 (kontsulta data: 2025-07-12).
  47. a b (Ingelesez) Takahashi, Junichi; Young, Bruce A. (2002). Greenhouse gases and animal agriculture. Amsterdam: Elsevier ISBN 978-0444510129. OCLC .50339370.
  48. (Ingelesez) Weart, Spencer. (2001). «Other Greenhouse Gases» The Discovery of Global Warming (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-12).
  49. (Ingelesez) «Trial bid to stop belching cattle» BBC News (web.archive.org) 2006-01-04 (kontsulta data: 2025-07-12).
  50. (Ingelesez) «Studying Kangaroo Farts and Teflon-Coated Frogs: Weird Science That Could Save Our Lives» AlterNet (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-12).
  51. (Ingelesez) VanDevender, Karl. (2006). «Manure Management: Concepts and Environmental Concerns» University of Arkansas - Division of Agriculture (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-12).
  52. «Euskal mitologia – Pertsonaiak: Zezengorri» Jentilbaratza K.E (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-12).
  53. (Ingelesez) «The Iconic Guardian: Exploring the Symbolic Power of the Holy Cow» Hindu Culture Hub (web.archive.org) 2025-05-01 (kontsulta data: 2025-07-13).
  54. «Mari» Auñamendi Eusko Entziklopedia (kontsulta data: 2025-07-13).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]